HERRIA

Areatza
Areatza, Bizkaiko hegoaldean dagoen 1.200 biztanleko herri txiki bat da. 1.338 urtean sortu zen eta Bizkaiko hiribilduetako bat izateko ohorea dauka. Gogora ekarri nahi dugu, sasoi hartan On Diego Lopez de Harok Bilboko hiribildua sortu zuela; gaur egun, Bizkaiko hiriburua dena. Areatzako kale eta eraikinak ondo mantendu dira eta Bizkaiko Ondare Historiko moduan katalogatutako hainbat eraikin daude. Tartean, Etxe mudejarra, Gortazar jauregia, Goikokale eta Bekokaleko eraikin gehienak…
Areatza Hotel Balnearioa, aintzinako Areatzako Bainuetxearen gainean berreraikita dago, eta behinola, izen handia izan zuen Areatzako bainu sendagarrien tradizioarekin jarraitzen du. Oraindik ere, bainuetxeko ur sufretsuen iturriaren usaina hartu dezakegu.
Baina kasko historikoa ez da herrian aurki dezakegun altxor bakarra. Areatza, Gorbeiako Parke Naturalaren atean dago. Hemen dago parkerako sarbiderik garrantzitsuenetako bat (Pagomakurre). Gorbeiako Parketxea edo interpretazio zentroa ere hementxe dago.
Areatza herri bizia da, eskaintza kultural handia dauka, herri dinamikoa da eta jendeak kaleak betetzen ditu edozein ordutan.
Horregatik, uste dugu Areatza dela lekurik aproposena kalibre honetako ekitaldi bat antolatzeko. Aurten, Areatzako Musik and Beer Nazioarteko Jaialdiaren bigarren edizioa izango da, eta hau, Areatza, Bizkaia eta Euskal Herri osoa nazioarteko panoraman kokatuko duen kultur zuhaitz baten haziaren frutua izatea espero dugu.
Gure altxorrak erakusteko gogoa daukagu. Hauxe da gure helburua. Eta jasangarritasuna eta kalitatearen ikuspegitik bakarrik, jotzen dugu egingarri. Ekoturismoa, bertako produktu eta gure herriaren ezaugarriekin bat egiten duen garapen ekonomiko jasangarriaren aldeko apustua egiten dugu.