JAIALDIA

Nola sortu zen ekitaldi hau?
Areatzak beti izan du musikarekiko lotura handia. Arratiako herri txiki honetan, ekitaldi eta musika ziklo ugarirekin gozatu ahal izaten dugu urte osoan zehar: Musika bakarrean (solisten kontzertuak lehenengo mailako musikari eta talde desberdinekin), Erdu eta musikatu (ekaineko zikloan Euskal Barrokensemble-ren mailako taldeak), Folklore Bizian (uztailean ospatzen den nazioarteko folklore jaialdia), folk dantza eta dantza tradizional ikastaroak EHUrekin batera (ekainaren amaiera aldera), Zezili Deuna eta San Bartolome egunetako kontzertuak (Gabacho Connection, Xabi Aburruzaga…). Hori dana ahaztu barik hemen Areatzako Musika Banda sortu zela, eta 34 urte beranduago, bandak funtzionamenduan jarraitzen duela. Beraz, esan dezakegu musika funtsezkoa dela billaroztarren bizimoduan.
Beste alde batetik, AGE-Beerllaro Areatzako Garagardogile Elkartea, orain dela gutxi Arratian sortutako elkartea da. Elkartearen helburuak kontsumotik harago doaz. Garagardo desberdinetako katak, ekoizpen artisaua, kalitatezko kontsumo kontsekuentea bultzatzea… dira elkartearen ekimen batzuk. Testuinguru honetan, lehenengo Beerllaro edo Garagardoaren Eguna ospatu zen 2016an. Oso arrakastatsua izan zen eta 500 pertsona baino gehiagok bertako eta kalitatezko garagardoak dastatu eta kontsumitzeko aukera izan zuten.
Jaialdia aurrerantzean antolatzeko ardura, Areatza Musik and Brewing elkarte berriak hartu du, AGE-Beerllaroko kideek ere parte hartze zuzena izango dute antolakuntzan halere.
2017an, Areatzako Tabernarien Elkarteak, Areatzako Udalak, AGE Beerllarok eta AKKBk (Areatzako Kirol Kultur Batzordea) indarrak batu zituzten Blues and Beer Lehenengo Nazioarteko Jaialdia sortzeko.
Areatzako garagardoaren jaia aldatzen joan da sortu zanetik, baina beti, bertakoa eta nazioartekoa lotzeko bokazioagaz.
2018an, bluesaz gainera, folk, rhythm & blues eta funk estiloko musika egon zen Musik and Beer izena hartu zuen nazioarteko festa honetan. Bere hirugarren urtean, jaialdiak salto handia eman zuen, izena aldatuta, Musik and Beer, jaialdia etorkizunean erreferente bihurtzea espero dugu. Nazinoarteko musika, garagardoa eta gastronomia izan ziran 2018ko jaialdiaren zutabeak.
2019a egonkortze urtea izan zen, inoiz baino talde gehiago eta jende gehiago hurbildu zan herrira. Musik and Beer-ek izena egin du, eta izena duen guztia zerbait bada. Hazkunde jasangarri eta iraunkor honetan aurrera goaz, indartsu! Bidelagunak behar ditugu baina, denok batera bidea errazago egingo dugulako.
2020an denok dakigun COVD-19aren pandemiak bazterrak nahasi zituen eta dena prest genuenean gure jaialdirik indartsuena aurrera eramateko, dena gelditu zen bertan behera.
2021ean jaialdia egitea zen asmoa, baina egoerak ez zuen baimendu bigarren urtez ere. Hala ere maiatzaren 29an formato txikian egun bateko jaia egin genuen eskolako aterpean. Egun horretan, Los Brazos, The Renegados eta Triple Zero Band izan ziren Areatzan. Sarrera eta leku mugatua izan genuen ihaz.
Orain 2022ra begira 2019 urteko jaialdia baino zerbait xumeagoa egingo dugu eta apurka-apurka berriro indarra hartzen joatea izango da gure helburua.
Gure asmoa Areatzan turismo jasangarria bultzatzea da. Arratian kalitatezko turismoa sustatzea. Jaialdi hau, gure xarma jakitera emateko giltza izan dadila nahi dugu eta horrela, jendeari Arratia mapan kokatzen laguntzea. Uste dugu jaialdia osatzen duten musika zein gure kalitatezko garagardoa tresna ezin hobeak izango direla horretarako.
Garagardoa
Eta, zer hobeto km 0 artisau garagardoa baino?
Gure proposamena karpa bat instalatzea da, eta bertan kañak botatzeko hainbat gailu jartzea.
Hernaniko Basqueland Brewing-eko garagardoak eta Euskal Herriko eta munduko beste marka batzurenak zerbitzatuko ditugu. Hernaniko fabrikak kalitate handiko garagardoa ekoizten du, eta hala berresten dute eskuratu dituzten sariek (Brussels Beer Challenge 2015, Barcelona Beer Challenge 2016 eta 2022), baita Euskal Herriko jatetxe ugarik bermatzen dute ere Basqueland Brewing (Arzak, Martin Berasategi, Elkano, Akelarre).
Basqueland Brewing-eko Santa Clara eta Imparable IPA zerbitzatuko da, eta beste marka ezagun batzuk ere egongo dira. 8 iturri jarriko ditugu eta 10 garagardo hartu ahal izango dira, alkoholik gabekoa eta gluten gabekoa tartean.